Euskal mitologia pantaila handira nola eraman badakien zuzendaririk badago, hori Paul Urkijo da. Errementari eta Irati filmekin bikain aritu ondoren, arabar zinemagilea elezaharren munduan murgilduko da bere film berriarekin: Gaua. Eta gure IDarteko ikasleek esperientzia hau bertatik bertara bizi ahal izan dute filmaketaren ordu batzuk zuzenean ikusiz!
Gure ikasleak filmaketan
Zinema maite duen edonorentzat, pelikula bat nola grabatzen den ikustea egia bihurtutako ametsa da. Gure ikasleek filmazio setean egoteko aukera izan zuten, aktoreen, zuzendarien eta talde teknikoaren lana gertutik ikusiz. Eszenak prestatzetik hasi eta argiak, kamerak… xehetasun bakoitzak istorioak zinemaren bidez kontatzeko artea eta filmaketa batean dauden rol desberdinak hobeto ulertzeko aukera eman zien.
Euskarazko zinemaren aldeko apustua
Bere historia liluragarriez gain, euskara hutsezko ekoizpena izateagatik nabarmentzen da Gaua, Paul Urkijok zineman euskal kultura zabaltzeko duen konpromisoa sendotuz. Irusoin eta Ikusgarri Films ekoiztetxeek babesten dute filma, Filmax banaketarekin eta EiTB, RTVE eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.
Oraindik Gauaren estreinaldira itxaron beharko dugu filma ikusteko, baina orain arte ikusi duguna eta gure ikasleek filmazioan bizi izan dutena gure tradizioetan sakonki errotutako istorio magikoa agintzen du.
Bitartean, euskal zinemaren film honen jaiotzaren lekuko izatearen pribilegioaz gozatzen jarraituko dugu.


