Hirugarren urtez jarraian, IDarteko Diseinu Graduetako lehenengo mailako ikasleek gizartearen eraldaketa positiboa bultzatzeko xedearekin ekintza artistiko bat egin dute gure hiriko espazio publikoan. Oraingoan, Ariznabarra eta San Martin auzoak elkartzen dituen tunelean esku hartu dute, pareta zaharkituetan konposizio originalak eta koloretsuak margotuz. Ekimen honek Vitoria-Gasteizko Udalak eta gure eskolak hartutako konpromisoa burutzeko proposamenari erantzuten dio. Iaz, Zaramaga auzoko Amurrio kaleko parkean eraldatu genuen, hiri-eremuari dinamismo-ukitua emanez. Aurten, proiektuaren ardatza Teodoro Dublang pasealekuko tunela izan da eta gure helburua diseinuaren bidez espazioa hobetzea izan da, herritarrengan eragin positiboa izan dezan.



Barne Diseinuko eta Diseinu Grafiko ikasleak Bauhaus diseinu eskolaren printzipioetan murgildu dira konposizioa diseinatzeko. Oinarrizkoak diren forma eta koloreekin konposatzen trebatu dira, diseinu soil zein originalak sortuz. Bauhausen helburu nagusia arteen irakaskuntza erreformatzea zen, gizartearen eraldaketa lortzeko. IDartek bat egiten du eskola alemaniarraren ideiekin eta diseinua mundua eraldatzen duen zerbitzua dela sinesten dugu. Horrexegatik, esku artean izan dugun proiektuak herritarrengan eragin positiboa izatea bilatu du ere. Gure helburua, beraz, diseinuaren bidez espazio publikoak erabilgarriak izateaz gain, atseginak bihurtzea da, herritarren beharretara egokituz.
Horrexegatik, gaur gaurkoz, ezin beste aldera batera begiratu eta Palestina jasaten ari den genozidioaz ahaztu. Palestinar herriaren aldeko elkartasuna adierazi nahi dugu gure esku hartzearen bitartez, eta horretarako, modu sinbolikoan, konposizioan Palestinako banderako koloreetan oinarritu gara. Gainera, aukeratua izan den konposizioan, Palestinar herria irudikatzen duten hainbat sinbolo ageri dira, hala nola, olibondoa, giltza, sandia…


14 taldetan banatuta, 90 ikasle inguru, urrian hasi ziren kalean esku hartzeko proposamena diseinatzen. Tactical urbanism kontzeptuan oinarrituta, hainbat diseinu garatu zituzten tuneleko paretak eraldatzeko. Planteamendu kolektibo eta teorikoaren ondoren, eremu horretan artelana gauzatu dute aste betez.
Talde-lana aberasgarria izan da, emaitzan ez ezik, batez ere prozeduran. Gure ikasleek arrastoa utzi dute Ariznabarra eta San Martin batzen dituen pasabidean eta aste betez bertan lanean aritu diren bitartean, bizilagunen esker ona jaso dute.
Komunitate osoa gonbidatzen dugu pasabidea bisitatzera eta gure ikasleen talentua eta dedikazioa islatzen duen esku-hartze artistiko honetaz gozatzera. Horrelako proiektuek gure hiria edertzeaz gain, artearen eta komunitatearen arteko lotura indartzen dute.
