Irudikapen Sistemak: Diseinuaren Oinarrizko Hizkuntza

Barne Diseinuko Goi Mailako Ikasketak, Berriak EU-n argitaratua

Diseinuaren unibertso zabalean —izan grafikoa, barne-diseinukoa edo ilustrazioarena— badago diziplina isil bezain funtsezko bat: irudikapen sistemak. Askotan oharkabean pasatzen den arren, hemen hasten da diseinuaren benetako pentsamendua.

Espazioa ulertzeko bidean, puntu txiki batek ere badu bere garrantzia: ez da marka huts bat, baizik eta gauzak eraikitzen hasten garen abiapuntua. Puntu horretatik jaiotzen dira lerro zuzena, planoa eta bolumena, eta horiek ez dira abstrakzio hutsak; objektuak ulertzeko erabiltzen ditugun lehen “hizkiak” dira. Oinarri geometriko horretatik abiatuta, eraldaketek—homoteziak, biraketak, antzekotasunak—aukera berriak irekitzen dizkigute diseinuan: proportzioa, eskala eta espazioaren antolaketa modu ulergarrian alda daitezke, eta horrek diseinuari koherentzia eta indarra ematen dio.

Eta hori guztia irudikatzeko erabiltzen ditugun, ikuspegi axonometrikoa, perspektiba edota proiekzio diedrikoak, gure ideiak modu argi eta ulerterrazean azaltzen laguntzen digun hizkuntza bisuala dira eta horrela diseinuaren logika eta komunikazioa lotzen dira, espazioa nola antolatzen den eta objektuen arteko harremanak nola funtzionatzen duten ikusi eta ulertzeko. 

Diseinuaren historian geometria eta irudikapen sistema ezberdinak funtsezkoak izan dira. Irudikatze-moduek ideiak eraikitzen dituzte eta horiek komunikatzeko erabiltzen baitira. Hori dela eta, irudikapen sistemak ez dira irakasgai bat gehiago: diseinuan pentsatzeko modu bat dira.

Horregatik, IDarten ikasleek irudikapen sistemak lantzen dituztenean, ez dute “marrazten ikasten” soilik. Prozesu hori askoz harago doa: espazioaren antolaketari eta objektuen erlazionatzeari begiratzeko modu bat eskaintzen die, pentsamendu zehatza antolatzeko tresna bat bihurtzen da, eta diseinu-lan ororen oinarrizko alfabetatzearen funtzioa betetzen du.

Ikasturte honen hasieran, Irudikapen Mintegiko hiru espezialitateek —Diseinu Grafikoa, Barne Diseinua eta Ilustrazioa—, bakoitzak bere hizkuntzatik, irudikapen ariketa bat landu dute.

Diseinu Grafikako  ikasleek “ukitzaileak” oinarri hartuta tipografia propioa garatu dute. Zirkunferentzia eta zuzenen arteko ukipenak, arku kapazak eta eraikuntza geometriko konplexuak aplikatuz, letra-sistemaren egitura sortu dute. Ez dira hizkiak soilik: arau geometrikoen arabera eratutako identitate bisualak dira. Prozesuaren gardentasuna —zentroak, ukitze-puntuak, laguntzaile-lerroren antolaketa— funtsezkoa izan da, tipografiaren egitura bera argi ulertzeko.

Egilea Xabier Ogueta

Barne Diseinuko lehen mailako ikasleek ariketa inspiragarri batean lan egin dute: Carlo Scarpak diseinatutako Olivettiren showroom-eko eskailera interpretatzea. Proiektu honek diseinu eta arkitekturako maisu baten lana aztertzeko aukera ematen du, teknika eta sormena beti batera joan behar direla erakusten duelarik. Era berean, irudikatzeko sistema motaren aukeraketak eta  irudikatutako lerro bakoitzak proiektuaren asmoari erantzuten dio, mezu bisualaren argitasun eta zehaztasunean zuzenean eraginez

Olivetti showroomeko eskailera
Egilea Markel Carnicer

Ilustrazioan, Kodax Duaflex kamera klasikoaren irudi isometrikoa teknikoki eraiki eta gero ilustratu dute. Teknikoa dena —lerro paraleloak, angeluetan oinarritutako proiekzioak, zirkunferentzien eraikuntza, bolumenaren koherentzia— sormenarekin uztartu dute, objektu bat nortasun propioz hornituz. Ariketa honek erakusten du nola ikuspegi teknikoa eta adierazpen artistikoa elkarri elikatzen diren.

Egilea Iratxe Arrilucea
Egilea Kattalin Etxebarria

Hiru diziplinetan egindako lanek erakusten dute irudikapen sistemak ez direla irakasgai isolatu bat, baizik eta diseinuaren diziplina guztien arteko elkarrizketa ahalbidetzen duen oinarrizko hizkuntza.

Etorkizuneko diseinatzaileentzat, irudikatzeko sistemak menperatzen ikastea komunikatzen ikastea da: ideiak argi adieraztea eta teknika emozio bisual bihurtzea, diseinua ezagutzeko eta sortzeko ate berriak irekitzen dituena.

IDarte logo
Pribatasun laburpena

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientzia onena eskaintzeko. Cookie-ei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure web guneko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun gure taldeari ulertzen lagundu.