IDarteko ikasle talde batek Bilbao Bizkaia Design Week (BBDWEEK) ekimeneko erronketako batean parte hartu du. Osasun sailak eta Bilboko Udalak bultzatutako proposamen honek lau erronka erreal planteatzen zituen, hiritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak eta esperientziak hobetzearekin, baita osasunaren inguruko kontzientziazioa sustatzearekin lotuta daudenak.
Lantaldeak diziplina anitzekoak izan dira, diseinuaren eta berrikuntzaren arloko hainbat zentruetako ikasleek osatuak. Talde bakoitzari lau arazoetako bat esleitu zitzaien eta, hilabete batez, mentoretza saioen, taldeko dinamiken eta jarduera autonomoen bidez lan egin zuten proposamen bat garatzeko.
Helburua zen aurkezpen egunerako lau proposamen berritzaile eta bideragarri prestatzea, erronka bakoitzeko bana. Horretarako, parte-hartzaileek hainbat jarduera egin dituzte: landa-ikerketa, instalazioetan probak egitea, erabiltzaileei elkarrizketak egitea, kostuen estimazioa eta proiektu konplexuen denbora-planifikazioa, besteak beste.


Ikasleentzat esperientzia bereziki aberasgarria izan da: ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan dute, metodologia berriak ezagutu dituzte, beste diziplina batzuetatik ikasi dute eta benetako proiektu multidiziplinarren kudeaketa ezagutu dute. Azken batean, erronka honek euren prestakuntza profesionala sendotu eta diseinuaren aplikazio errealaren ikuspegia zabaldu du.
Hauek izan ziren Enia Susperregi, Ander Varas eta Lander Martinezek parte hartu zuten bi erronka:
Ander Varas (1.erronka)
Erronkan bihotz-geldialdien arazoa eta BCP teknikaren ikusgarritasun falta landu zuten. Haien ikerketak erakutsi zuen ezjakintasunaz gain, panikoa dela lekukoak paralizatzen dituena. Arazo horri erantzuteko Latidos Bilbao Taupadakkanpaina sortu zuten, bi konponbide uztartzen dituen estrategia bikoitza: SMS Flash, 112ko operadoreak lekukoaren mugikorrera zuzenean bidaltzen duen metronomo bisual eta entzungarria, konpresioen erritmoa markatzen eta hasierako blokeoa gainditzen laguntzen duena; eta TAUPA, bularrean jartzen den gailu fisikoa, konpresioen sakonera egokia (5–6 cm) lortzera gidatzen duena. Helburua herritarrak ahaldundu eta “egin gabeko suspertzea da okerrena” mezua indartzea da.



Enia Susperregi (4.erronka)
Gure taldearen proposamena Bilboko kalistenia-parkeen erabilera bultzatzea izan zen, batez ere emakume gazteen artean, espazio horietan nagusiki gizonezkoek osatutako publikoa nagusi delako. Horretarako, kanpaina baterako proposamen grafiko bat garatu genuen, aurreiritziak apurtzeko eta “parke hauek zuretzat ere badira” mezua indartzeko, kirol-praktika anitzago, inklusiboago eta irisgarriagoa sustatuz.


