IDarteko (Euskadiko Goi Mailako Arte eta Diseinu Eskola Publikoa) argazkigintza zikloko bigarren mailako ikasleek, José Uruñuela Dantza Kontserbatorioko seigarren mailako ikasleekin batera garatu dute dantzaren irudia eta gorputzaren adierazpena aztertzen
dituen proiektu artistikoa.
Egitasmo hau bi, erakundeen arteko elkarlanaren hirugarren urtea izan da, eta esperientziak IDarteren eta Uruñuelaren arteko harremana sendotu du, ikasleen prestakuntza profesionala eta diziplinen arteko elkarlana bultzatuz. Ekimenaren helburua Kontserbatorioko dantza-ikasleei material grafiko profesionala eskaintzea izan da, book pertsonal bat osatuz dantza-konpainiei aurkezteko.


Argazki-saio hauek bi egunetan egin dira: lehen egunean, IDarteko platoan, argiztapenaren eta erretratuaren kontrol teknikoagoa lantzeko. Bigarren egunean, José Uruñuela Dantza Eskolako espazioetan, dantzaren mugimendua eta eszenako lana jasotzeko.



Ondorengo egunetan, argazkilaritzako ikasleek argazkien postprodukzioa eta bideoaren muntaiaren lana garatu dute. Azken emaitzak erretratu profesionalen serie bat eta “making of” estiloko bideo-pieza labur bat izan dira, prozesua eta elkarlanaren esperientzia laburbiltzen dituena. Bideoa hurrengo estekan ikus daiteke:
“Proiektu honek aukera eman die gure ikasleei enkargu profesional baten esperientzia errealean murgiltzeko, diziplinen arteko elkarlanaren eta komunikazioaren garrantziaz jabetuz,” azaldu du Laida Beristainek, IDarteko irakasle eta proiektuaren koordinatzaileak. Argazkiek dantzari bakoitzaren nortasuna, mugimendua eta adierazkortasuna islatzen dituzte, ikuspegi estetiko eta tekniko zaindu baten bidez. Kontserbatorioko irakasleen esanetan, “argazkilarien begirada artistikoak aukera eman die gure ikasleei beren irudia modu profesional eta sortzailean lantzeko, dantzaren espresibitatea mantenduz”.
Proiektua, IDarteko Laida Beristain, Amaia Garate eta David Zabala irakasleen gidaritzapean egin da Jone Carbajosa, Ane Matxikote, Lucia Flores eta Garoa Zubikarai ikasleekin batera. Jose Uruñuela kontserbatoriotik, Elvira Illana eta Arantzazu Susunaga Ana Carmen Ruiz, Alejandro Alcain, Aiala Razkin, Iradi Salazar, Eider Espina, Alain Campón, Lucia Da Costa eta Carla Pascual.
Ekimen honek IDarte eta José Uruñuela Dantza Kontserbatorioaren arteko harremana sendotu du, arte bisualen eta arte eszenikoen arteko elkarrizketa eta elkartrukea sustatzeko bide berriak irekiz.
