Aspaldiko partez, telefono-kabinak erabiltzen ez diren hiri-altzari elementuak dira. Telefonoa elementu publiko bat izatetik (bakarra herri edo auzo bakoitzean) gailu pribatu bat izatera pasatu da: etxe bakoitzean bat izatetik poltsiko bakoitzean bat izatera.
IDarte Arte eta Diseinuko Goi Mailako Eskolaren eta Gasteizko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmenaren barruan, Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailarekin lankidetzan, eta Telefónicarekin batera, kendu nahi ziren kabina batzuk erreskatatu nahi ditugu.
Euren funtzioari esker (telefonoz deitu ahal izatea), bere garaian, kabinek estatus sinboliko bat betetzen zuten, erreferentzia eta topaketa puntua izanik. Behin euren funtzio erabilgarria galduta, presentzia sinbolikoari eutsi diezaioten nahi dugu, hiri-espazioan erreferentzia-puntu izanik.
IDartek Graduko goi-mailako arte-irakaskuntzetako ikasleentzako erronka gisa planteatu du esku-hartzea. Bertan, Diseinu Grafikoko eta Barne Diseinuko lehen mailako ikasle guztiek hartuko dute parte. Guztira ehun bat ikaslek eta dozena bat irakaslek.
Esku-hartzeez gain, ikasleek maketak egingo dituzte eskalan eta liburuxka txiki bat diseinatuko dute ibilbidearekin. Erronka, hirigunean sortuta, eskolan sartu da, eta berriro kalera aterako da.
Esku-hartzeak ikuspegi kontzeptual, formal eta grafikotik koherentea den ibilbidea osatzeko moduan planteatu dira. Horregatik, diseinuan dauden elementurik sinpleenen aldeko apustua egin dugu: lerro beltzeko elementuak hondo zuriaren gainean.
Erakundeek, IDarte bezalako eskola batekin lan egiten dutenean, horrek dakarren arriskua hartzen dute beren gain, proiektuen izaera esperimentala agertuko baita beti. Kabinetan esku hartzeari dagokionez, emaitza esperimentala eta ludikoa da. Ludikoa, abstrakziotik abiatuta banakako memoriara jotzeko ahalegina dagoelako. Kabinak jatorrizko erabilerarekin ezagutu zituztenek, telefono-harien bilbadurak ere gogora ditzakete. Artearen Historiarekin ohituenek Mondriani keinuren bat aurkituko dute. Eta agian, norbaiti, lerroek kaleko haur-jolasak gogoraraziko dizkiote.
IDartetik eskerrak eman nahi dizkiegu Gasteizko Udalari eta Espazio Publikoaren eta Auzoen arloari. “Non geratuko gara?” galderari, erantzuna “kabinan” izatea espero dugu.