Autonomoei buruzko gaia hasi gara lantzen klasean, eta berehala pizten du ikasleen arreta. Badakite etorkizun hurbilean diseinuaren alorreko norbere konturako langileak izan daitezkeela, maila teorikoan lantzen ari garen nondik norako horiek guztiak beren egunerokoaren parte izan daitezkeela. Ezagutzen dute apur bat autonomoaren figura, badute hari buruzko pertzepzio moduko bat, baina ez dute inoiz gai horretan sakondu. Urrutitik bezala heltzen zaie, soinu itzali eta motel baten antzera. Hasteko eta behin, onartzen dute ez dakitela zeintzuk diren eman beharreko pausoak langile autonomo gisa alta emateko, baina ia denek aipatzen dituzte Ogasuna eta Gizarte Segurantza. Eman beharreko pausoak aztertzen ditugu gelan, zeintzuk diren autonomoen jarduna arautzen duten legeak, ze ezaugarri dituen langile mota horrek, ze eskubide eta betebehar, ze lan-babes…
Horrela jakin dute langile autonomoak ez daudela Langileen Estatutuaren barruan, eta Langile Autonomoaren Estatutua zaiela aplikagarri. Horren harira, langile faltsuen auzia aztertu dugu, iruzurra nondik datorren ikusteko, halako kasuen aurrean zer egin eta nora jo jakiteko. Freelance diseinatzailea erabili dugu adibide gisa. Ze abantaila eta ze eragozpen dituen era horretako langilea izateak. Badakite, esaterako, abantailak ez direla gutxi: edozein lekutatik lan egin dezaketela, ondo antolatuz gero denbora libre gehiago izango dutela, ordutegi malgua izango dutela, bezero-zorro propioa eskura dezaketela… Era berean, jabetuta daude abantaila horiek desabantaila bihur daitezkeela behar bezala kudeatzen ez badituzte. Adibidez, ordutegi-malgutasuna aho biko arma izan daiteke, bai eta euren aurka bihurtu ere, lana azken unerako uzten badute eta dena kolpean pilatzen bazaie. Badakite, halaber, antolaketa eta diziplina handia eskatzen duela freenlance autonomo gisa lan egiteak, etxetik aritu ezkero, distrakzio ugari egon daitezkeela (mugikorra, sukaldera bisita gehiegi egitea…), sozializazio urria arazo bihur daitekeela, diru-sarreren ezegonkortasunaren mamua ate-joka etor daitekeela uste baino gehiagotan, bakardadea eta isolamendua gainditu beharreko hesi bihur daitezkeela…

Horretaz guztiaz ohartu ostean, pauso bat harago eman dugu, eta ikasleak freelance diseinatzaile bihurtu dira egun batez. Beren negozioa eta logoa asmatu dituzte, ze zerbitzu mota eskainiko duten, eta, horren arabera, zeintzuk izan daitezkeen euren bezero potentzialak. Alegiazko aurrekontu bat ere proposatu dute, inbertsioaren eta onuraren zenbateko posiblea kalkulatzeko. Bestela esanda, norbere konturako diseinatzaile bihurtu dira bat- batean, eta benetako egoera baten aurrean izan ditzaketen erronkak eta indarguneak aztertu dituzte. Aurrekontuekin eta fakturekin ere hasi gara ondoren, bien arteko antzekotasunak eta ezberdintasunak aztertzen. Azken batean, lanaren alde kreatiboarekin batera, lan horri dagozkion kudeaketaren gakoez jabetzea ere komeni zaie, ezagutza eta prestaketa osoagoa izateko. Etorkizunean nondik jo erabaki behar dutenean, gauzak argiago izateko eta lanaren koska guztiekin trebatuta egoteko.


