CONSULTING-WORKSHOP gure herbeheretar lagunekin

Barne Diseinuko Goi Mailako Ikasketak, Berriak, Erakusketak eta argitalpenak-n argitaratua

Iaz egin genuen antzera, 2025ko maiatzaren 14ean, Groningeneko Alfa-collegeko ikasleak bisitatu gaituzte, bere irakasleekin, Anita van Hofslot, Selma Kindermans eta Bert Huitsing. 

Lankidetza-tailer batean parte hartu dute, eta Barnealdeen Diseinuko bigarren mailako Proiektuetako eta Eraikuntzako ikasleak garenoi lagundu gaituzte 3M memorialaren inguruan garatzen ari garen proiektuan. 

Eskerrik asko zuen bisitagatik eta elkarekintzagatik.

Dena den, workshop honi benetan beste modu berezi batean deitu genion:

TXANTXA DIRUDI, BAINA EZ DA HALA

fake-consulting-workshop

Hemen titulu xelebre honen arrazoiak:

Irakasleok garenok ondo ezagutzen dugu ikasgai batek baino gehiagok edo talde batek baino gehiagok proiektu baten garapenean parte hartzen duen momentuan agertzen diren arazoak: “Eraikuntzako irakasleak (kasu honetan, Asier Larunbek) hau edo bestea esan dit”; “benetan eraiki daitekeela esan dit”; “ezin dela eraiki esan dit”; “Enekori, Proiektuak ikasgaiaren irakasleari, soluzio hori ez zaio gustatzen” eta abar.

Egoera horren aurrean, ikasturte honetan, Proiektuakikasgaiaren irakaslea aurretik inoiz egin ez duena egitera ausartu da: istorio bat kontatu die.

Eta, honela hasi du klasea:

“Istorio bat kontatuko dizuet. Zuen gurasoek haur zinetenean kontatzen zizkizueten horien pareko bat… (barreak) “.

Bazen behin Arkitektura Ikasketa Amaierako Proiektua garatzen ari zen ikasle bat, hau da, ni neu. Amaierako proiektuaren Aurreproiektua gainditua nuen, bai eta Oinarrizko Proiektuari dagokion fasea ere. Amaierako Proiektuaren eraikuntza-definizioaren fasea garatzen hasia nintzen. 

Egun batean, eskolara joan nintzen Eraikuntza Departamentuko irakasle batekin nire lehen tutoretza izatera; ospe handiko irakaslea zen.   

Proiektua irakasleari erakustean, ezinezkoak iruditzen zitzaizkion hainbat kontu azaldu zizkidan. Adibidez, zorutik sabairainoko beirazko fatxadei dagokienez, delitu ekologikoa zirela adierazi zuen. Haren ustez, ez zen posible lama batzuen bitartez osatutako fatxada bikoitza eusten zuten mentsulak jartzea; horregatik, proiektuaren fatxada goitik behera desegiten zuten pilare batzuk jartzeko eskatu zidan. Proiektuak forjatuetan zituen irekigune batzuk egiteko aukerarik ez zuen ikusten; hori zela eta, proiektua hondatzen zuten pilare batzuk jartzeko eskatu zidan.

Atsekabetuta atera nintzen tutoretzatik eta etsipenez beteta joan nintzen etxera, proiektuak porrot egin zuela ikusita. 

Dena den, irakasleek lehen zuten pisuzko presentzia horretatik erretiratu ondoren ─inoiz irakasleok galdu dugun presentzia eta autoritate horretatik erretiratu ondoren─ hau da, etxerako bidean ideiak argitu nituenean, proiektu osoa eraikitzea posible zela konturatu nintzen; bai nik planteatutako proiektua, baita irakasleak esandakoa ere. Baliteke irakasleak gezurra esan izana. Hau da, konturatu nintzen dena iruzur bat izan zitekeela, oso ondo antzeztutako performance bat, ikasleak erreakziona zezan eta proiektuaren erabakiak bereak egin zitzan.

Gerora, jardun profesionalean, gremioek obra egin bitartean eskainitako ekarpenak borondate hobea izango ote zuten? Egiazkoagoak eta zintzoagoak izango ote ziren? Guk ikasleei ematen diegun laguntza bezain paternalistak izango ote ziren gremioek egindako ekarpenak?

Onartu behar dut tutoretza hori oso pedagogikoa izan zela; izan ere, geroko errealitate profesionala izango zen horretan bete-betean sartu ninduen. 

Eskerrik asko, Professor!

Egia esan, ez dakit oso lagungarria izan ote zinen gerora arkitektoak eta diseinatzaileak topatu dugun errealitate profesionalari begira, obretan teknikoak autoritaterik gabe utzi dituen errealitate profesionalari begira, hain zuzen ere. Inoiz pentsatu izan dut gure ikasketetan hainbeste zaplazteko jaso eta gero ─gu indartsu bihurtzeko asmoarekin, pentsatu nahi dut─, gure MAISU HANDIENGANDIK jasotako kolpe horiek benetan murriztuago eta atsekabetuago utzi gaituztela. Izan ere, ikasketak bukatu genituenerako, gure duintasuna defendatzeko indarra galdu genuela ematen du. 

Horretaz gain, aitortu beharrean gaude irakasleen eta katedradunen gehiegikerien erruz aurrera eraman den titulatu berrien gaitasun profesionalen usurpazioa mingarria izan dela. Ez da beharrezkoa datu zientifikoetara jotzea baieztapen hori egiaztatzeko eta horrek gure garapen profesionalean eragin dituen mugei buruzko ondorioetara iristeko. Beste gremio eta lanbide batzuek ondo dakite hori, ahulezi egoera hori guri aurrea hartzeko aprobetxatu baitute. 

Izan ere, ene Jainkoa! Batzuei gerta zitzaigukeen okerrena egokitu zaigu! Lehenengo, gurasoen gehiegizko aginpidearen menpe egon behar, eta, gero, seme-alabekin autoritatea galtzea! Eta zentzu bikoitzean, gainera, irakasle gisa autoritatea galdu dugulako, baina baita arkitekto eta diseinatzaile gisa ere. Noiz utzi dugu horrelako zerbait gerta zedin? Nietzschek dioen bezala, gu geu izan al gara, Jainkoaz abusatuz, Jainkoa bera hil dugunak? 

“Jainkoa hil da! Jainkoak hilda jarraitzen du! Eta guk hil dugu! Nola kontsolatu geure burua hiltzaile guztien hiltzaileak garenok? Munduko sakratuena eta boteretsuena zen hori odolustu egin dugu gure labanen azpian,  nork garbituko du odol hau gugandik?” (Nietzsche, 2016: 125 atala, 169 or.)

Nietzsche, F. (2016). La gaya ciencia (Itzulpena J. L. Vermal) EDITORIAL TECNOS. (Jatorrizko testua 1882an argitaratua). 

Hala eta guztiz ere, eta odolak odol (kasu horretan nire odola, ez Jainkoarena), Eraikuntza ikasgaiko tutoretza hura izugarri pedagogikoa izan zen, eta horrek inspiratzen du ikasturte honetan ikasleei kontatutako istorioa.

Hau da, behin istorio hori eta ustezko arrazoiak kontatuta, gure ikasleei argi geratu zaie edozein kritika eta zuzenketa egokia, eta, aldi berean, des-egokia ere izan daitekeela. Izan ere, une horretatik aurrera, kritika-saioetako bat gezurrez jositakoa izan litekeela abisatu dugu irakasleok; hau da, gaur egungo fake famatu horretara jo ahalko genukeela. Beraz, hori horrela izanik, ikasleek beren proiektuaren erabakiak eta emaitzak beren eskuetan hartu behar izan dituzte. Gainera, eta batez ere, bi irakasgaiak, Eraikuntza eta Proiektuak, eremu ez zientifiko eta ez objektibo gisa ulertu behar izan dituzte ikasleek, bi ikasgaiak esparru anbiguoa eta, aldi berean, izugarri moldakorra eta sortzailea den alor baten parte baitira. 

Behin ikasgela girotuta, prest egon gara Herbehereetako gure lagunekin dinamika bateratu bat egiteko. Groningeneko Alfa College ikastetxeko Eraikuntza alorreko ikasleak gure lagunak dira, eta maiatzean etortzen zaizkigu urtero bisitan. 

Dinamika aurrera eramateko, gaztelaniazko eta euskarazko geletako ikasleak nahastu ditugu taldeak sortzeko, ikasle horiek ingelesez hitz egin dezaten!

Gure ikasleek osatutako talde bakoitzari bi ikasle herbeheretar gehitu zaizkio. Ikasle herbeheretarrek tutoretza-lana egin dute gure ikasleek abian duten proiektuari laguntza eskaintzeko asmoarekin. Dena den, bikote herbeheretarrek zeregin bi izan dituzte taldeetan: haietako batek, ekarpenak eginez, gure ikasleei lagundu behar izan die; aldiz, besteari apropos egindako ekarpen oker (fake) bat egiteko eskatu diogu. 

Azken hori egitea ez da batere erraza, eta sinesgarria izan dadin ongi argudiatu beharko dute. Ikasle horrek hala egin ezean eta gezurra esaten duena harrapatuz gero, talde herbeheretarra izango da parte hartuko duena workshoparen bukaeran egingo dugun aurkezpenean.  

Aldiz, gure ikasleek ez badute asmatzen bi ikasle herbeheretarretatik nork hartu duen aholku okerrak emateko papera, gure ikasleek egingo dute aurkezpena.

Azkenean, ez dugu dinamika hain urrun eramateko aukerarik izan, ezin izan dugu, komunikazioa nahikoa murriztuta egon baita, hizkuntzak sortutako zailtasunak direla eta.

Hala ere, une oro gezurraren bat (zerbait fake edo des-egokia) egon zitekeen mehatxuari eutsi izanak ondorio oso positiboak izan ditu.

Izan ere, nire proiektuarekin lagundu nahi didan norbaitek erdian zutabe bat jarri behar dudala adieraziko balit, eta zutabe horrek nire proiektua hondatuko balu (izan ere, herbeheretarrekin garatu dugun dinamikan behin baino gehiagotan gertatu den egoera izan da hori), egoera horretan, ez al nuke laguntza hori faltsutzat (fake-tzat) hartu behar? Zalantzarik gabe: bai. Iradokizuna egiten duen pertsonarentzat bere ekarpena benetakoa izan arren (edo ez), iradokizun horrek nire proiektuaren ideiarekin talka egiten duen neurrian, ahalegin handia egin behar dut bere kritika onartzeko eta kritika hori heldutasunez barneratzeko. Era berean, indar guztiarekin borrokatu behar dut neure proiektuaren azken arrazoiak eta motibazioak aurkitzeko, baldin eta nire proiektua oraindik zutik mantentzen bada (zutik egiturari eta kontzeptuari dagokionez).

Hau da, kontatutako istorioak eta zerbait faltsua izan zitekeen mehatxuak ikaskideen arteko iradokizunak erne entzutera eraman gaituzte. Ez hori bakarrik, modu autonomo eta arduratsuan entzun behar izan diogu ondoko ikaskideari; berarengandik jasotako laguntza onartu eta barneratu behar izan dugu bere iradokizunak proiektuaren ildo berean integratzeko helburuarekin. 

Izan ere, Proiektuak ikasgaian egoera benetan ohikoa da bizi izan duguna. Dena den, norberak bere buruari galdetzen dio: bizitzako edozein elkarrekintza ez al da horrelakoa? Izan ere, bizitzan gerta dakigukeena ez al da hemen kontatutakoaren antzekoa?

Oharra: Testu hau liburu honetako jatorrizkotik abiatuta moldatu dugu:

Besa, E. (2024). Proiektuen irakaskuntzarako gidaliburua. Diseño editorial. 

https://eimakatalogoa.eus/vufind/Record/62917

IDarte logo
Pribatasun laburpena

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientzia onena eskaintzeko. Cookie-ei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure web guneko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun gure taldeari ulertzen lagundu.