Irudimena pizteko espazio berria: Arriagako Haritza eskola publikoko liburutegia eraldatzen

Barne Diseinuko Goi Mailako Ikasketak, Berriak, Berriak EU-n argitaratua

Urtarrilaren 19tik 23ra bitartean, Barne Diseinuko 3. mailako Home Staging irakasgaiko ikasleek Gasteizko Arriagako Haritza eskola publikoaren liburutegiaren berritze-lanetan parte hartu zuten.

Eskola publikoak duen behar zehatz bati erantzuteko sortu zen ekimena, bi ikastetxeetako irakasleen arteko elkarlanetik abiatuta. Proiektuaren xedea bikoitza izan zen: alde batetik, liburutegia espazio erakargarriago eta funtzionalago bihurtzea, ikasleen benetako beharretara egokituta; eta, bestetik, haren erabilera sustatzea, irakurketarako zein ikaskuntzarako gune motibatzaile gisa sendotuz. Horretarako, hasierako harremana ezarri zen eskolarekin, haren egoera, beharrak eta itxaropenak bertatik bertara ezagutzeko.

Diseinu-fasean, ikasleak lau taldetan antolatu ziren, eta bakoitzak proposamen desberdin bat garatu zuen. Horrela, ikastetxeak aukera izan zuen hainbat irtenbide aztertu eta bere helburuei hobekien erantzuten zien proposamena hautatzeko. Planteamendu honek esku-hartze aukeren ikuspegi zabal eta anitza eskaintzea ahalbidetu zuen.

Aste batzuk lanean aritu eta proposamenak aurkeztu ondoren, espazioaren identitate estetikoari eta funtzionaltasunari arreta ematen dion diseinua hautatu zen. Aukeratutako proposamena unibertsoan eta espazioan inspiratuta dago, eta suziriak, planetak eta galaxiak bezalako elementuak txertatzen ditu. Urdin kolorea proiektuaren hari gidari bihurtu da; lasaitasuna eta kontzentrazioa sustatzen ditu, eta, aldi berean, espazioari izaera eta nortasun handiagoa ematen dizkio. Gainera, bertako altzariak berrerabiltzearen alde egin da: birbanatu eta egokitu egin dira, eta pintura zein esku-hartze txikien bidez haien funtzionaltasuna eta irudia hobetu dira.

Exekuzio-astean, IDarteko ikasleak berriro ere taldeka antolatu ziren, zeregin zehatzekin: ateen pintura, arotzeria-lanak, liburutegiko gela nagusian esku-hartzea eta sarbideko pasabidearen diseinua. Halaber, ikastetxeko ikasleen parte-hartzea ere izan zen elementu apaingarri batzuk sortzerakoan, proiektuaren elkarlan izaera indartuz.

Proiektu honek aukera baliotsua eskaini du benetako enkargu batean lan egiteko, prozesuaren fase guztiak landuz, hasierako proposamenetik azken exekuziora arte. Aldi berean, ikastetxeko haurrekiko lankidetza bultzatzeko eta haientzat hazteko, irudikatzeko eta ikasteko beharrezkoa eta pizgarria den espazio zaindu bat sortzeko aukera eman du.

Zuriñe Zelai paisajistaren hitzaldia IDarten

Barne Diseinuko Goi Mailako Ikasketak, Berriak EU, Hitzaldiak, jardunaldiak eta tailerrak-n argitaratua

Joan den urtarrilaren 29an, IDarte Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolak Zuriñe Zelaia arkitekto eta paisajistaren bisita jaso zuen. Hitzaldiaren bidez, ikasleak lorategien diseinuaren eta paisaiaren mundura hurbildu ziren, paisajismoaren ikuspegi profesionaletik abiatuta.

Saioan zehar, Zuriñe Zelaiak historian zehar jardinek eta paisajismoak izan duen presentzia eta garapenerari buruz hitz egin zuen, besteak beste, lorategiek, sentsazioak eta emozioak transmititzeko duten gaitasuna azalduz. Era berean, espazio berdeak diseinatzerakoan kontuan hartu beharreko hainbat alderdi jorratu ziren, hala nola ingurunea, espazioaren izaera eta erabiltzaileekiko harremana.

Hitzaldiaz gain, jarduerak tailer praktiko batekin jarraitu zuen. Bertan, Barne Diseinuko 3. mailako ikasleekinteriorismoaren eta lorategiaren arteko integrazioa landu zuten, barruko eta kanpoko espazioen arteko lotura aztertuz eta bien arteko jarraitutasun bisual eta sentsoriala esploratuz.

Horrelako jarduerek ikasleei aukera ematen diete diziplina arteko ikuspegia zabaltzeko, errealitate profesionalera hurbiltzeko eta paisaia espazioaren diseinuaren parte gisa ulertzeko.

IDartetik eskerrak eman nahi dizkiogu Zuriñe Zelairi gure eskolara etortzeagatik eta bere esperientzia ikasleekin partekatzeagatik. Laster berriro elkar ikustea espero dugu.

Barne Diseinuko ikasleek Visual Sarietan

Barne Diseinuko Goi Mailako Ikasketak, Berriak EU-n argitaratua

Aurten ere, IDarteko ikasleek Arabako Merkataritza Ganberak antolatutako Visual Sarien Erakusleihoen Lehiaketan parte hartu dute

Azken urteotan ohikoa izan den bezala, IDarteko ikasleek Arabako Merkataritza Ganberak antolatutako Visual Sarien lehiaketan parte hartu dute. Lehiaketa honen helburua da merkataritza-guneak hobetu, berritu eta birziklatzearen aldeko apustua egiten duten saltokien ahalegina aitortzea eta ekonomikoki saritzea. Esparru horretan, lehiaketaren kategoria ezberdinei dagozkien hainbat sari eman dira, eta Arabako hainbat establezimenduk parte hartu dute.

Eskolako ikasleei dagokienez, aurten ere El Corte Ingles Sariaren kategorian parte hartu dute. Modalitate honek Diseinuaren Promesen ekimenaren barruko establezimendurik sortzaileena bereizten du.

Aurtengo edizioan hamar taldek parte hartu dute. Garatutako proposamenek Gabonak eta negua izan dituzte gai nagusi, eta modu guztiz pertsonalizatuan sortu dira saltoki bakoitzerako. Horretarako, ikasleek establezimendu bakoitzaren nortasuna eta jabeek planteatutako behar espezifikoak aztertu dituzte. Horrela, diseinu eszenikoko proiektu baten fase guztiak barne hartzen dituzten proposamen errealak landu dira: ideiaren hasierako fasetik hasi (ideiaren eta kontzeptuaren garapena, deskribapen teknikoa eta aurrekontuaren lanketa) eta azken exekuzioraino eta erakusleihoetan eszenaratzeraino.

Diseinuak instalatu ondoren, Arabako Merkataritza Ganberak aukeratu zuen erakusleiho irabazlea. Elena Heras, Amy Holland, Edurne Navas eta Nikolás Brocal ikasleek Gasteizko Astrolibros 2 liburu-dendarako egindako proposamenak jaso zuen saria

IDarteko ikasleen esku-hartzea Teodoro Dublangeko tunelean: Remember us

Barne Diseinuko Goi Mailako Ikasketak, Berriak EU, Diseinu Grafikoko Goi Mailako Ikasketak, Hitzaldiak, jardunaldiak eta tailerrak-n argitaratua

Hirugarren urtez jarraian, IDarteko Diseinu Graduetako lehenengo mailako ikasleek gizartearen eraldaketa positiboa bultzatzeko xedearekin ekintza artistiko bat egin dute gure hiriko espazio publikoan. Oraingoan, Ariznabarra eta San Martin auzoak elkartzen dituen tunelean esku hartu dute, pareta zaharkituetan konposizio originalak eta koloretsuak margotuz. Ekimen honek Vitoria-Gasteizko Udalak eta gure eskolak hartutako konpromisoa burutzeko proposamenari erantzuten dio. Iaz, Zaramaga auzoko Amurrio kaleko parkean eraldatu genuen, hiri-eremuari dinamismo-ukitua emanez. Aurten, proiektuaren ardatza Teodoro Dublang pasealekuko tunela izan da eta gure helburua diseinuaren bidez espazioa hobetzea izan da, herritarrengan eragin positiboa izan dezan.

Barne Diseinuko eta Diseinu Grafiko ikasleak Bauhaus diseinu eskolaren printzipioetan murgildu dira konposizioa diseinatzeko. Oinarrizkoak diren forma eta koloreekin konposatzen trebatu dira, diseinu soil zein originalak sortuz. Bauhausen helburu nagusia arteen irakaskuntza erreformatzea zen, gizartearen eraldaketa lortzeko. IDartek bat egiten du eskola alemaniarraren ideiekin eta diseinua mundua eraldatzen duen zerbitzua dela sinesten dugu. Horrexegatik, esku artean izan dugun proiektuak herritarrengan eragin positiboa izatea bilatu du ere. Gure helburua, beraz, diseinuaren bidez espazio publikoak erabilgarriak izateaz gain, atseginak bihurtzea da, herritarren beharretara egokituz.

Horrexegatik, gaur gaurkoz, ezin beste aldera batera begiratu eta Palestina jasaten ari den genozidioaz ahaztu. Palestinar herriaren aldeko elkartasuna adierazi nahi dugu gure esku hartzearen bitartez, eta horretarako, modu sinbolikoan, konposizioan Palestinako banderako koloreetan oinarritu gara. Gainera, aukeratua izan den konposizioan, Palestinar herria irudikatzen duten hainbat sinbolo ageri dira, hala nola, olibondoa, giltza, sandia…

14 taldetan banatuta, 90 ikasle inguru, urrian hasi ziren kalean esku hartzeko proposamena diseinatzen. Tactical urbanism kontzeptuan oinarrituta, hainbat diseinu garatu zituzten tuneleko paretak eraldatzeko. Planteamendu kolektibo eta teorikoaren ondoren, eremu horretan artelana gauzatu dute aste betez.

Talde-lana aberasgarria izan da, emaitzan ez ezik, batez ere prozeduran. Gure ikasleek arrastoa utzi dute Ariznabarra eta San Martin batzen dituen pasabidean eta aste betez bertan lanean aritu diren bitartean, bizilagunen esker ona jaso dute.

Komunitate osoa gonbidatzen dugu pasabidea bisitatzera eta gure ikasleen talentua eta dedikazioa islatzen duen esku-hartze artistiko honetaz gozatzera. Horrelako proiektuek gure hiria edertzeaz gain, artearen eta komunitatearen arteko lotura indartzen dute.

Irudikapen Sistemak: Diseinuaren Oinarrizko Hizkuntza

Barne Diseinuko Goi Mailako Ikasketak, Berriak EU-n argitaratua

Diseinuaren unibertso zabalean —izan grafikoa, barne-diseinukoa edo ilustrazioarena— badago diziplina isil bezain funtsezko bat: irudikapen sistemak. Askotan oharkabean pasatzen den arren, hemen hasten da diseinuaren benetako pentsamendua.

Espazioa ulertzeko bidean, puntu txiki batek ere badu bere garrantzia: ez da marka huts bat, baizik eta gauzak eraikitzen hasten garen abiapuntua. Puntu horretatik jaiotzen dira lerro zuzena, planoa eta bolumena, eta horiek ez dira abstrakzio hutsak; objektuak ulertzeko erabiltzen ditugun lehen “hizkiak” dira. Oinarri geometriko horretatik abiatuta, eraldaketek—homoteziak, biraketak, antzekotasunak—aukera berriak irekitzen dizkigute diseinuan: proportzioa, eskala eta espazioaren antolaketa modu ulergarrian alda daitezke, eta horrek diseinuari koherentzia eta indarra ematen dio.

Eta hori guztia irudikatzeko erabiltzen ditugun, ikuspegi axonometrikoa, perspektiba edota proiekzio diedrikoak, gure ideiak modu argi eta ulerterrazean azaltzen laguntzen digun hizkuntza bisuala dira eta horrela diseinuaren logika eta komunikazioa lotzen dira, espazioa nola antolatzen den eta objektuen arteko harremanak nola funtzionatzen duten ikusi eta ulertzeko. 

Diseinuaren historian geometria eta irudikapen sistema ezberdinak funtsezkoak izan dira. Irudikatze-moduek ideiak eraikitzen dituzte eta horiek komunikatzeko erabiltzen baitira. Hori dela eta, irudikapen sistemak ez dira irakasgai bat gehiago: diseinuan pentsatzeko modu bat dira.

Horregatik, IDarten ikasleek irudikapen sistemak lantzen dituztenean, ez dute “marrazten ikasten” soilik. Prozesu hori askoz harago doa: espazioaren antolaketari eta objektuen erlazionatzeari begiratzeko modu bat eskaintzen die, pentsamendu zehatza antolatzeko tresna bat bihurtzen da, eta diseinu-lan ororen oinarrizko alfabetatzearen funtzioa betetzen du.

Ikasturte honen hasieran, Irudikapen Mintegiko hiru espezialitateek —Diseinu Grafikoa, Barne Diseinua eta Ilustrazioa—, bakoitzak bere hizkuntzatik, irudikapen ariketa bat landu dute.

Diseinu Grafikako  ikasleek “ukitzaileak” oinarri hartuta tipografia propioa garatu dute. Zirkunferentzia eta zuzenen arteko ukipenak, arku kapazak eta eraikuntza geometriko konplexuak aplikatuz, letra-sistemaren egitura sortu dute. Ez dira hizkiak soilik: arau geometrikoen arabera eratutako identitate bisualak dira. Prozesuaren gardentasuna —zentroak, ukitze-puntuak, laguntzaile-lerroren antolaketa— funtsezkoa izan da, tipografiaren egitura bera argi ulertzeko.

Egilea Xabier Ogueta

Barne Diseinuko lehen mailako ikasleek ariketa inspiragarri batean lan egin dute: Carlo Scarpak diseinatutako Olivettiren showroom-eko eskailera interpretatzea. Proiektu honek diseinu eta arkitekturako maisu baten lana aztertzeko aukera ematen du, teknika eta sormena beti batera joan behar direla erakusten duelarik. Era berean, irudikatzeko sistema motaren aukeraketak eta  irudikatutako lerro bakoitzak proiektuaren asmoari erantzuten dio, mezu bisualaren argitasun eta zehaztasunean zuzenean eraginez

Olivetti showroomeko eskailera
Egilea Markel Carnicer

Ilustrazioan, Kodax Duaflex kamera klasikoaren irudi isometrikoa teknikoki eraiki eta gero ilustratu dute. Teknikoa dena —lerro paraleloak, angeluetan oinarritutako proiekzioak, zirkunferentzien eraikuntza, bolumenaren koherentzia— sormenarekin uztartu dute, objektu bat nortasun propioz hornituz. Ariketa honek erakusten du nola ikuspegi teknikoa eta adierazpen artistikoa elkarri elikatzen diren.

Egilea Iratxe Arrilucea
Egilea Kattalin Etxebarria

Hiru diziplinetan egindako lanek erakusten dute irudikapen sistemak ez direla irakasgai isolatu bat, baizik eta diseinuaren diziplina guztien arteko elkarrizketa ahalbidetzen duen oinarrizko hizkuntza.

Etorkizuneko diseinatzaileentzat, irudikatzeko sistemak menperatzen ikastea komunikatzen ikastea da: ideiak argi adieraztea eta teknika emozio bisual bihurtzea, diseinua ezagutzeko eta sortzeko ate berriak irekitzen dituena.

Barne Diseinuko Ikasketa Amaierako Lanaren esperientzien jardunaldia

Barne Diseinuko Goi Mailako Ikasketak, Berriak EU, Hitzaldiak, jardunaldiak eta tailerrak-n argitaratua

Joan den urriaren 10ean, jardunaldi berezi bat ospatu genuen IDarten: barne-diseinuko Ikasketen Amaierako Lanaren (IAL) esperientziak partekatzeko topaketa. Ekimenaren ideia ikasle ohi baten eskutik sortu zen, eta belaunaldi ezberdinetako ikasleak elkartu zituen ikaskuntza eta elkarrizketarako espazio batean.

Goiz osoan zehar, aurreko ikasturteko hiru ikasle ohi, Julia García Jorrillo, Maitane Monasterio Rodríguez eta Jone Jarit Irizar, IDartera itzuli ziren beraien IAL prozesua nola bizi izan zuten lehen eskutik azaltzera: ikerketaren eta kontzeptualizazioaren lehen urratsetatik hasi eta epaimahaiko aurkezpenera arte.

Aurkezpenek interesa piztu zuten hirugarren eta laugarren mailako ikasleen artean. Galderak egin eta beren kezka akademikoak partekatzeko aukera izan zuten, orain dela gutxi etapa hori amaitu dutenen esperientziarekin kontrastatuz. Laugarren mailakoentzat jardunaldiak ikuspegi errealista eta motibatzailea eskaini zuen; hirugarren mailakoentzat, berriz, hurrengo ikasturtera begira hausnartzen hasteko aukera bikaina izan zen.

Atsedenaldian, kafe-gune bat prestatu zen, giro informalago batean topagune bilakatu zena. Une hori izan zen eguneko momenturik aberasgarrienetako bat: giro lasai batean, ikasleek galderak egiteko eta beren zalantzak partekatzeko aukera izan zuten, modu naturalean. Aldi berean, kafe-gunean aurreko ikasturteko lanen hautaketa bat jarri zen ikusgai, ikasleek adibide zehatzak ikusi eta IAL lan batek har ditzakeen ikuspegi eta metodologia ezberdinak ezagutzeko.

Topaketa honek argi erakutsi zuen esperientziak partekatzea dela ikasteko eta etorkizuneko barne-diseinatzaile belaunaldiei inspirazioa emateko modurik onena. Esperientzia oso aberasgarria izan zen bai hizlarientzat, bai entzule gisa parte hartu zuten ikasleentzat ere. Jardunaldiak komunitatearen eta elkarlanaren ideia indartu zuen, ezagutza partekatzeko eta esperientziaren bidez ikasteko gune bat sortuz.

CONSULTING-WORKSHOP gure herbeheretar lagunekin

Barne Diseinuko Goi Mailako Ikasketak, Berriak, Berriak EU, Erakusketak eta argitalpenak-n argitaratua

Iaz egin genuen antzera, 2025ko maiatzaren 14ean, Groningeneko Alfa-collegeko ikasleak bisitatu gaituzte, bere irakasleekin, Anita van Hofslot, Selma Kindermans eta Bert Huitsing. 

Lankidetza-tailer batean parte hartu dute, eta Barnealdeen Diseinuko bigarren mailako Proiektuetako eta Eraikuntzako ikasleak garenoi lagundu gaituzte 3M memorialaren inguruan garatzen ari garen proiektuan. 

Eskerrik asko zuen bisitagatik eta elkarekintzagatik.

Dena den, workshop honi benetan beste modu berezi batean deitu genion:

TXANTXA DIRUDI, BAINA EZ DA HALA

fake-consulting-workshop

Hemen titulu xelebre honen arrazoiak:

Irakasleok garenok ondo ezagutzen dugu ikasgai batek baino gehiagok edo talde batek baino gehiagok proiektu baten garapenean parte hartzen duen momentuan agertzen diren arazoak: “Eraikuntzako irakasleak (kasu honetan, Asier Larunbek) hau edo bestea esan dit”; “benetan eraiki daitekeela esan dit”; “ezin dela eraiki esan dit”; “Enekori, Proiektuak ikasgaiaren irakasleari, soluzio hori ez zaio gustatzen” eta abar.

Egoera horren aurrean, ikasturte honetan, Proiektuakikasgaiaren irakaslea aurretik inoiz egin ez duena egitera ausartu da: istorio bat kontatu die.

Eta, honela hasi du klasea:

“Istorio bat kontatuko dizuet. Zuen gurasoek haur zinetenean kontatzen zizkizueten horien pareko bat… (barreak) “.

Bazen behin Arkitektura Ikasketa Amaierako Proiektua garatzen ari zen ikasle bat, hau da, ni neu. Amaierako proiektuaren Aurreproiektua gainditua nuen, bai eta Oinarrizko Proiektuari dagokion fasea ere. Amaierako Proiektuaren eraikuntza-definizioaren fasea garatzen hasia nintzen. 

Egun batean, eskolara joan nintzen Eraikuntza Departamentuko irakasle batekin nire lehen tutoretza izatera; ospe handiko irakaslea zen.   

Proiektua irakasleari erakustean, ezinezkoak iruditzen zitzaizkion hainbat kontu azaldu zizkidan. Adibidez, zorutik sabairainoko beirazko fatxadei dagokienez, delitu ekologikoa zirela adierazi zuen. Haren ustez, ez zen posible lama batzuen bitartez osatutako fatxada bikoitza eusten zuten mentsulak jartzea; horregatik, proiektuaren fatxada goitik behera desegiten zuten pilare batzuk jartzeko eskatu zidan. Proiektuak forjatuetan zituen irekigune batzuk egiteko aukerarik ez zuen ikusten; hori zela eta, proiektua hondatzen zuten pilare batzuk jartzeko eskatu zidan.

Atsekabetuta atera nintzen tutoretzatik eta etsipenez beteta joan nintzen etxera, proiektuak porrot egin zuela ikusita. 

Dena den, irakasleek lehen zuten pisuzko presentzia horretatik erretiratu ondoren ─inoiz irakasleok galdu dugun presentzia eta autoritate horretatik erretiratu ondoren─ hau da, etxerako bidean ideiak argitu nituenean, proiektu osoa eraikitzea posible zela konturatu nintzen; bai nik planteatutako proiektua, baita irakasleak esandakoa ere. Baliteke irakasleak gezurra esan izana. Hau da, konturatu nintzen dena iruzur bat izan zitekeela, oso ondo antzeztutako performance bat, ikasleak erreakziona zezan eta proiektuaren erabakiak bereak egin zitzan.

Gerora, jardun profesionalean, gremioek obra egin bitartean eskainitako ekarpenak borondate hobea izango ote zuten? Egiazkoagoak eta zintzoagoak izango ote ziren? Guk ikasleei ematen diegun laguntza bezain paternalistak izango ote ziren gremioek egindako ekarpenak?

Onartu behar dut tutoretza hori oso pedagogikoa izan zela; izan ere, geroko errealitate profesionala izango zen horretan bete-betean sartu ninduen. 

Eskerrik asko, Professor!

Egia esan, ez dakit oso lagungarria izan ote zinen gerora arkitektoak eta diseinatzaileak topatu dugun errealitate profesionalari begira, obretan teknikoak autoritaterik gabe utzi dituen errealitate profesionalari begira, hain zuzen ere. Inoiz pentsatu izan dut gure ikasketetan hainbeste zaplazteko jaso eta gero ─gu indartsu bihurtzeko asmoarekin, pentsatu nahi dut─, gure MAISU HANDIENGANDIK jasotako kolpe horiek benetan murriztuago eta atsekabetuago utzi gaituztela. Izan ere, ikasketak bukatu genituenerako, gure duintasuna defendatzeko indarra galdu genuela ematen du. 

Horretaz gain, aitortu beharrean gaude irakasleen eta katedradunen gehiegikerien erruz aurrera eraman den titulatu berrien gaitasun profesionalen usurpazioa mingarria izan dela. Ez da beharrezkoa datu zientifikoetara jotzea baieztapen hori egiaztatzeko eta horrek gure garapen profesionalean eragin dituen mugei buruzko ondorioetara iristeko. Beste gremio eta lanbide batzuek ondo dakite hori, ahulezi egoera hori guri aurrea hartzeko aprobetxatu baitute. 

Izan ere, ene Jainkoa! Batzuei gerta zitzaigukeen okerrena egokitu zaigu! Lehenengo, gurasoen gehiegizko aginpidearen menpe egon behar, eta, gero, seme-alabekin autoritatea galtzea! Eta zentzu bikoitzean, gainera, irakasle gisa autoritatea galdu dugulako, baina baita arkitekto eta diseinatzaile gisa ere. Noiz utzi dugu horrelako zerbait gerta zedin? Nietzschek dioen bezala, gu geu izan al gara, Jainkoaz abusatuz, Jainkoa bera hil dugunak? 

“Jainkoa hil da! Jainkoak hilda jarraitzen du! Eta guk hil dugu! Nola kontsolatu geure burua hiltzaile guztien hiltzaileak garenok? Munduko sakratuena eta boteretsuena zen hori odolustu egin dugu gure labanen azpian,  nork garbituko du odol hau gugandik?” (Nietzsche, 2016: 125 atala, 169 or.)

Nietzsche, F. (2016). La gaya ciencia (Itzulpena J. L. Vermal) EDITORIAL TECNOS. (Jatorrizko testua 1882an argitaratua). 

Hala eta guztiz ere, eta odolak odol (kasu horretan nire odola, ez Jainkoarena), Eraikuntza ikasgaiko tutoretza hura izugarri pedagogikoa izan zen, eta horrek inspiratzen du ikasturte honetan ikasleei kontatutako istorioa.

Hau da, behin istorio hori eta ustezko arrazoiak kontatuta, gure ikasleei argi geratu zaie edozein kritika eta zuzenketa egokia, eta, aldi berean, des-egokia ere izan daitekeela. Izan ere, une horretatik aurrera, kritika-saioetako bat gezurrez jositakoa izan litekeela abisatu dugu irakasleok; hau da, gaur egungo fake famatu horretara jo ahalko genukeela. Beraz, hori horrela izanik, ikasleek beren proiektuaren erabakiak eta emaitzak beren eskuetan hartu behar izan dituzte. Gainera, eta batez ere, bi irakasgaiak, Eraikuntza eta Proiektuak, eremu ez zientifiko eta ez objektibo gisa ulertu behar izan dituzte ikasleek, bi ikasgaiak esparru anbiguoa eta, aldi berean, izugarri moldakorra eta sortzailea den alor baten parte baitira. 

Behin ikasgela girotuta, prest egon gara Herbehereetako gure lagunekin dinamika bateratu bat egiteko. Groningeneko Alfa College ikastetxeko Eraikuntza alorreko ikasleak gure lagunak dira, eta maiatzean etortzen zaizkigu urtero bisitan. 

Dinamika aurrera eramateko, gaztelaniazko eta euskarazko geletako ikasleak nahastu ditugu taldeak sortzeko, ikasle horiek ingelesez hitz egin dezaten!

Gure ikasleek osatutako talde bakoitzari bi ikasle herbeheretar gehitu zaizkio. Ikasle herbeheretarrek tutoretza-lana egin dute gure ikasleek abian duten proiektuari laguntza eskaintzeko asmoarekin. Dena den, bikote herbeheretarrek zeregin bi izan dituzte taldeetan: haietako batek, ekarpenak eginez, gure ikasleei lagundu behar izan die; aldiz, besteari apropos egindako ekarpen oker (fake) bat egiteko eskatu diogu. 

Azken hori egitea ez da batere erraza, eta sinesgarria izan dadin ongi argudiatu beharko dute. Ikasle horrek hala egin ezean eta gezurra esaten duena harrapatuz gero, talde herbeheretarra izango da parte hartuko duena workshoparen bukaeran egingo dugun aurkezpenean.  

Aldiz, gure ikasleek ez badute asmatzen bi ikasle herbeheretarretatik nork hartu duen aholku okerrak emateko papera, gure ikasleek egingo dute aurkezpena.

Azkenean, ez dugu dinamika hain urrun eramateko aukerarik izan, ezin izan dugu, komunikazioa nahikoa murriztuta egon baita, hizkuntzak sortutako zailtasunak direla eta.

Hala ere, une oro gezurraren bat (zerbait fake edo des-egokia) egon zitekeen mehatxuari eutsi izanak ondorio oso positiboak izan ditu.

Izan ere, nire proiektuarekin lagundu nahi didan norbaitek erdian zutabe bat jarri behar dudala adieraziko balit, eta zutabe horrek nire proiektua hondatuko balu (izan ere, herbeheretarrekin garatu dugun dinamikan behin baino gehiagotan gertatu den egoera izan da hori), egoera horretan, ez al nuke laguntza hori faltsutzat (fake-tzat) hartu behar? Zalantzarik gabe: bai. Iradokizuna egiten duen pertsonarentzat bere ekarpena benetakoa izan arren (edo ez), iradokizun horrek nire proiektuaren ideiarekin talka egiten duen neurrian, ahalegin handia egin behar dut bere kritika onartzeko eta kritika hori heldutasunez barneratzeko. Era berean, indar guztiarekin borrokatu behar dut neure proiektuaren azken arrazoiak eta motibazioak aurkitzeko, baldin eta nire proiektua oraindik zutik mantentzen bada (zutik egiturari eta kontzeptuari dagokionez).

Hau da, kontatutako istorioak eta zerbait faltsua izan zitekeen mehatxuak ikaskideen arteko iradokizunak erne entzutera eraman gaituzte. Ez hori bakarrik, modu autonomo eta arduratsuan entzun behar izan diogu ondoko ikaskideari; berarengandik jasotako laguntza onartu eta barneratu behar izan dugu bere iradokizunak proiektuaren ildo berean integratzeko helburuarekin. 

Izan ere, Proiektuak ikasgaian egoera benetan ohikoa da bizi izan duguna. Dena den, norberak bere buruari galdetzen dio: bizitzako edozein elkarrekintza ez al da horrelakoa? Izan ere, bizitzan gerta dakigukeena ez al da hemen kontatutakoaren antzekoa?

Oharra: Testu hau liburu honetako jatorrizkotik abiatuta moldatu dugu:

Besa, E. (2024). Proiektuen irakaskuntzarako gidaliburua. Diseño editorial. 

https://eimakatalogoa.eus/vufind/Record/62917

Alumnado de diseño de interiores en la exposición en Amarilla

Sei zentzu(men), bi orduetan egin beharreko erronka laburrak

Barne Diseinuko Goi Mailako Ikasketak, Berriak, Berriak EU-n argitaratua

Barne Diseinuko 4. mailako ikasleek Proiektuak II ikasgaian landutako ‘Sei zentzu(men)’ lana dago erakusgai Amarica gelan“Gerra eta denbora: decrecimiento” deritzon erakusketan. Gela horretan bertan, martxoaren 12an, ikasleek bere proposamenen aurkezpena eskaini zuten.

Martxoaren 12an, ikasleek euren proposamenen aurkezpen publikoa egin zuten areto berean, denbora mugatuan, erronka bakoitzerako bi ordu, burututako ariketa kontzeptual eta bizkorren emaitzak partekatuz.

“Bekatuak eta bertuteak” oinarri hartuta sortutako hezkuntza-ekitaldiaren diseinua

Carolina García de la Torre ikasleak egindako lana
Xabier Ogueta ikasleak Naia Ibañez de Garaioren laguntzarekin egindako lana

Gerra piztu zenean, beste proposamen bat egin genuen.

Nola kontzientziatu erakusketa baten bisitari hipotetikoak gatazka beliko hurbil edo ez hain hurbil batean, adibidez, Ukrainako gerran, benetan duten parte-hartzeaz?

Zein neurritan gara denok partaide botereen arteko liskarretan, modu batean edo bestean, haiekin bat eginez?

Gerrari buruzko kontzientzia hartzeko ekitaldia. Bertaratutakoek gerraren aurrean duten iritzia idazten dute. Beren iritziak txintxetekin panel baten gainean iltzatzean, txintxetak beste aldera pasatzen dira eta gerrako biktimen irudiak zulatzen dituzte eta aldi berean odol orbanak sortzen. Ekintza horren bidez, gure iritzien hutsalkeriaz eta azalkeriaz jabetzen gara, nekez onar eta imajina dezakegun gerra bezalako gertakari baten aurrean.

Carolina García de la Torre ikaslearen lana

Gerrari buruzko kontzientzia hartzeko ekitaldia. Gela batean gerra baten berezko egoerak gertatzen dira. Alboko gelan hormak ilunak eta opakuak dira. Teknologiaren bidez, bisitariek sortzen dituzten itzalek hormak garden bihurtzen dituzte. Horrela, bertaratutakoen itzalek ikusi nahi ez duten/dugun errealitatearen gordintasuna garden bihurtzen dute.

Clara Sarobe ikaslearen lana

Gerrari buruzko kontzientzia pizten duen ekitaldia. Bertaratuek bi zuloetatik begiratzen dute. Ispilu batean beren begiak eta begirada islatuta ikusten dituzte, gerratik hurbil dagoen pertsonaia eta egoera baten parte direla; egoera nahiko idealizatua da. Hurrengo panelean ispiluak gerraren benetako ondorioetan kokatzen du gure begirada.

Edurne Ponce ikaslearen lana

Pertsona bat AAri buruz kontzientzia hartzeko diseinatuta dagoen ekintza batera doa, eta pertsona hori konturatzen da bera dela, hain zuzen ere, ekintza horren edukiaren protagonista; izan ere, inoiz parte hartu ez duen bideo batean bere burua ikusten du. Bideo horretan agertzen den irudia pertsona horren beraren klon bat da.

La imagen tiene un atributo ALT vacío; su nombre de archivo es 4.-Trabajo-hecho-por-Carolina-Garcia-de-la-Torre-y-Nerea-Castano-a-traves-de-la-IA.png
Carolina García de la Torre eta Nerea Castaño ikasleek AAren bitartez egindako lana

IDarteko eskolako ikasleek Gasteizko Zaramagako Amurrio kalea margotzen

IDarteko gure ikasleen esku-hartzea Zaramaga auzoan: Suge Bidea

Barne Diseinuko Goi Mailako Ikasketak, Berriak EU, Diseinu Grafikoko Goi Mailako Ikasketak-n argitaratua

Bigarren urtez jarraian, IDarteko lehen mailako gure ikasleek beren sormena eraman dute berriro Gasteizko kaleetara. Oraingoan, Amurrio kaleko parkean esku hartu dute, Zaramaga auzoan, zoru beltza artelan zirraragarri bihurtuz.

Ekimen hau Udalaren eta gure eskolaren arteko lankidetza-hitzarmenaren parte da. Iaz, erabiltzen ez ziren 10 telefono-kabina birgaitu ziren. Aurten, proiektuaren ardatza Amurrio kaleko parkea suspertzea izan da, hiri-eremuari kolore- eta dinamismo-ukitua emanez.

Barne Diseinuko eta Diseinu Grafikoko ikasleak auzoan murgildu dira izaera, historia eta gertaerak ezagutzeko. Zaramagako atmosferak baldintzatuta, urrian hasi ziren kalean esku hartzeko proposamena diseinatzen. Tactical urbanism kontzeptuan oinarrituta, hainbat diseinu garatu zituzten Amurrio kaleko zorua eraldatzeko.

Taldetan banatuta, 90 ikasle inguruk auzoko eraikinak, hiri-altzariak eta hura osatzen duten elementuak identifikatu eta ikertu zituzten, hainbat forma geometriko aztertuz. Forma horiek erabiliz, auzoaren izaerari lotutako sekuentzia desberdinak sortu dituzte, sekuentzia desberdinen elementu eta ezaugarri egokienak hautatuz eta obra kolektibo bat sortuz. Guztien artean, forma eta kolorea erabaki dituzte, auzoaren morfologiara egokituz. Planteamendu kolektibo eta teorikoaren ondoren, eremu horretan artelana gauzatu dute aste batzuetan zehar.

Talde-lana aberasgarria izan da emaitzan ez ezik, batez ere prozeduran ere. Gure ikasleek arrastoa utzi dute Zaramagan, bi astez bizilagunekin bizi izan dira eta bide berri bat sortu dute Gasteizko auzo honetan.

Komunitate osoa gonbidatzen dugu parkea bisitatzera eta gure ikasleen talentua eta dedikazioa islatzen duen esku-hartze artistiko honetaz gozatzera. Horrelako proiektuek gure hiria edertzeaz gain, artearen eta komunitatearen arteko lotura indartzen dute.

Eskerrak eman nahi dizkiegu Gasteizko Udalari hirian benetako proiektu bat egiteko aukera emateagatik eta martxoaren 3 Elkarteari gure ikasleei informazioa zabaltzen laguntzeagatik.

Gasteizko kabinetan esku hartzeko proiektua

Barne Diseinuko Goi Mailako Ikasketak, Berriak, Diseinu Grafikoko Goi Mailako Ikasketak-n argitaratua

Aspaldiko partez, telefono-kabinak erabiltzen ez diren hiri-altzari elementuak dira. Telefonoa elementu publiko bat izatetik (bakarra herri edo auzo bakoitzean) gailu pribatu bat izatera pasatu da: etxe bakoitzean bat izatetik poltsiko bakoitzean bat izatera.

IDarte Arte eta Diseinuko Goi Mailako Eskolaren eta Gasteizko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmenaren barruan, Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailarekin lankidetzan, eta Telefónicarekin batera, kendu nahi ziren kabina batzuk erreskatatu nahi ditugu.

Euren funtzioari esker (telefonoz deitu ahal izatea), bere garaian, kabinek estatus sinboliko bat betetzen zuten, erreferentzia eta topaketa puntua izanik. Behin euren funtzio erabilgarria galduta, presentzia sinbolikoari eutsi diezaioten nahi dugu, hiri-espazioan erreferentzia-puntu izanik.

IDartek Graduko goi-mailako arte-irakaskuntzetako ikasleentzako erronka gisa planteatu du esku-hartzea. Bertan, Diseinu Grafikoko eta Barne Diseinuko lehen mailako ikasle guztiek hartuko dute parte. Guztira ehun bat ikaslek eta dozena bat irakaslek.

Gasteizko kabinetan esku hartzeko proiektua - Lanean 1
OLYMPUS DIGITAL CAMERA
Gasteizko kabinetan esku hartzeko proiektua - Maketak 1
Gasteizko kabinetan esku hartzeko proiektua - Maketak 2
Gasteizko kabinetan esku hartzeko proiektua - Maketak 3
Gasteizko kabinetan esku hartzeko proiektua - Lan taldea
OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Esku-hartzeez gain, ikasleek maketak egingo dituzte eskalan eta liburuxka txiki bat diseinatuko dute ibilbidearekin. Erronka, hirigunean sortuta, eskolan sartu da, eta berriro kalera aterako da.

Esku-hartzeak ikuspegi kontzeptual, formal eta grafikotik koherentea den ibilbidea osatzeko moduan planteatu dira. Horregatik, diseinuan dauden elementurik sinpleenen aldeko apustua egin dugu: lerro beltzeko elementuak hondo zuriaren gainean.

Erakundeek, IDarte bezalako eskola batekin lan egiten dutenean, horrek dakarren arriskua hartzen dute beren gain, proiektuen izaera esperimentala agertuko baita beti. Kabinetan esku hartzeari dagokionez, emaitza esperimentala eta ludikoa da. Ludikoa, abstrakziotik abiatuta banakako memoriara jotzeko ahalegina dagoelako. Kabinak jatorrizko erabilerarekin ezagutu zituztenek, telefono-harien bilbadurak ere gogora ditzakete. Artearen Historiarekin ohituenek Mondriani keinuren bat aurkituko dute. Eta agian, norbaiti, lerroek kaleko haur-jolasak gogoraraziko dizkiote.

IDartetik eskerrak eman nahi dizkiegu Gasteizko Udalari eta Espazio Publikoaren eta Auzoen arloari. “Non geratuko gara?” galderari, erantzuna “kabinan” izatea espero dugu.

Gasteizko kabinetan esku hartzeko proiektua - Lanean 2
Gasteizko kabinetan esku hartzeko proiektua - Emaitza
OLYMPUS DIGITAL CAMERA
Iglesia_coronacion_vitoria

Gasteizko Koroatze Eliza, Miguel Fisac-en proiektuaren metodoa

Albisteak, Barne Diseinuko Goi Mailako Ikasketak, Berriak, Erakusketak eta argitalpenak-n argitaratua

Euskal Arte Garaikidearen Praktikak eta Errealitateak ikastaroaren barruko hitzaldia.

    • Eguna: Asteartea, 2023ko martxoaren 7a
    • Ordua: 18:00-20:00
    • Hizlaria: Eneko Besa

Hitzaldian Gasteizko Koroatze elizaren sortze-prozesua azalduko da. Zalantzarik gabe, XX. mendeko arkitekturako erlijio-gune esanguratsuenetako bat da. Horretarako, marrazkiak, krokisak eta aipu eta azalpen ugari erabiliko dira, zeinen bidez azaltzen baitu gasteiztar elizaren arkitektoak bere proiektuen metodoa.

Iglesia_coronacion_vitoria
Iglesia_coronacion_vitoria
Iglesia_coronacion_vitoria

2022ko abenduan ikasleekin egindako bisitan hartutako elizaren irudiak. Argazkiak: Carolina García de la Torre, Naia Ibáñez eta Paula Ciria

BD3 - Proyecto espacio intergeneracional- Concepto

Belaunaldien arteko espazio proiektua

Barne Diseinuko Goi Mailako Ikasketak-n argitaratua

2021-2022 ikasturtean, IDarteren Barnealdeen Diseinuko 3. mailako ikasleek barne-diseinuko hainbat proposamen ikertu eta egin dituzte, “belaunaldien arteko espazioak” kontzeptua landuz. Horretarako, erakunde publikoekin eta sektore pribatuarekin lankidetzan aritu gara. Batak eta besteak hainbat belaunalditako pertsonekin lan solidarioko esperientzia, lan-metodologia propioa eta hainbat lokal eskaini dizkigute, etorkizun hurbilean era mailakatuan horrelako espazioak eraikitzea planteatzen dutenak.

Zuzkidura-etxebizitzetarako eraikin baten programaren barruan, adinekoentzako gizarte-zentro tradizional baten irudia pixkanaka aldatu nahi da, eta diseinuaren praktikatik proposamen bereizi bat eskaini, teknologia erabiliz, kolorearen tratamenduaren eta argiztapenaren bidez edo altzarien malgutasunaren bidez espazioa hobeto antolatzeko kontzeptuak txertatuz. Hori guztia, adinekoentzako, helduentzako, nerabeentzako eta haurrentzako zerbitzu eta programa erakargarriak partekatzeko helburuarekin.

Belaunaldi desberdinak teilatu beraren azpian hartzeko espazio bat diseinatzeak behaketaren, elkarrizketaren, analisiaren eta prototipoaren bidez ikasteko aukera eman digu, era horretako espazioak definituko dituzten irtenbideak eskaintzeko helburuarekin, non pertsonen arteko kontaktuak belaunaldien arteko topaketa eta interakzioak errazten edo eragiten dituen.