Ikasleak Bauhauseko historiari buruzko timeline bat aurkezten

Bauhaus ikuspuntutik abiatuta: Historia proiektua 1.mailako Diseinu erronkarako

Berriak, Berriak EU-n argitaratua

Ikasturte honetan Diseinu Grafikoko eta Barne Diseinuko lehen mailako ikasleek garatuko duten erronkaren harira, Historiako mintegiak aurrekari moduko proiektu bat martxan jarri du. Aurtengo erronkak, Bauhaus eskolako oinarrizko kolore eta formak inspiraziotzat hartuz, kalean esku-hartze artistikoa gauzatzea du helburu, Palestinaren aldeko elkartasuna bezalako mezu politikoak bere baitan txertatuz. Hori dela eta, bi graduetako lehen mailan dagoen Arteen, Arkitekturaren eta Diseinuaren Historia eta Teoria irakasgaian, ikasturtearen lehen gai nagusian Bauhaus eskolaren garapena, ezaugarriak eta eragina aztertu dugu sakonki proiektu batekin. Jarduera ezinhobea izan da erronkaren markoaren barnean kokatu ahal izateko. Puzzle teknika aplikatuz, ikasleek eman beharreko azken emaitza Bauhauseko historiari buruzko timeline bat izan da, zeinaren prestaketan datu sintetizatuak, eskolaren protagonisten argazkiak eta tailerretatik ateratako produktu nagusienen irudiak erakutsi behar zituzten; hori guztia, “Bauhaus estiloa” bezala ezagutzen dugun ezaugarri horiek koloreetan, formetan edota tipografian islatuz. 

Puzzle teknika hau garatu ahal izateko, proiektua irakaslearen azalpen teoriko orokor batekin hasi zen, Bauhauseko historia modu laburrean azalduz eta irudiak erakutsiz. Ondoren, ikasle-taldeak egin ziren, 5 pertsonakoa bakoitza. Taldekide bakoitzari Bauhausaren historiako fase zehatz bati buruzko testu bat eman zitzaion, hurrengo egunerako irakurrita eta aztertuta izan behar zutena. Hurrengo urratsa adituen taldeak egitean zetzan, non beste talde batzuk sortuko ziren, taldekide guztiek testu berbera izango zutelarik. Honen helburua adostasun batera heltzea zen, baita taldekide guztiek edukiak guztiz barneratzea ere, laugarren urratsean jatorrizko taldeetako kideei haien zatiaren gaia modu ahalik eta eraginkorrenean kontatu ahal izateko. Azkenik, gaiak sakon aztertuta, informazio zehatz eta aberasgarria aurkeztuko zuen timelinean arituko ziren jatorrizko taldeetako ikasleak bi saiotan zehar. Amaieran, haien lana klasekide guztien aurrean aurkeztuko zuten.

Horrela, izaera praktikoagoa eta sortzaileagoa daukan erronkarekin hasi aurretik, ikasleek artearen, arkitekturaren eta diseinuaren historian hainbeste garrantzi izan duen Bauhaus eskola perspektiba historiko batetik aztertu dute. Eta, ondo dakigun bezala, horrelako prozesu kritikoak aurretiaz egitea funtsezkoa da haien praktikari zintzotasuna eta seriotasuna emateko eta, jakina, haien sormen-gaitasuna elikatzeko. Ah, eta kontuan izan! “Bauhaus estiloa”, guztiok ezagutzen ditugun oinarrizko forma eta koloreekin, ez zen konstante bat izan Bauhausean, baizik eta 1922 eta 1927 artean landu zen joera (eskolaren historiaren heren bat baino pixka bat gehiago hartzen zuen denbora); hori bai, nazioarteko eragina izan zuena eta gure kontzientzietan itsatsi dena.

IDarte logo
Pribatasun laburpena

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientzia onena eskaintzeko. Cookie-ei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure web guneko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun gure taldeari ulertzen lagundu.