Barne Diseinuko Ikasketa Amaierako Lanaren esperientzien jardunaldia

Barne Diseinuko Goi Mailako Ikasketak, Berriak EU, Hitzaldiak, jardunaldiak eta tailerrak-n argitaratua

Joan den urriaren 10ean, jardunaldi berezi bat ospatu genuen IDarten: barne-diseinuko Ikasketen Amaierako Lanaren (IAL) esperientziak partekatzeko topaketa. Ekimenaren ideia ikasle ohi baten eskutik sortu zen, eta belaunaldi ezberdinetako ikasleak elkartu zituen ikaskuntza eta elkarrizketarako espazio batean.

Goiz osoan zehar, aurreko ikasturteko hiru ikasle ohi, Julia García Jorrillo, Maitane Monasterio Rodríguez eta Jone Jarit Irizar, IDartera itzuli ziren beraien IAL prozesua nola bizi izan zuten lehen eskutik azaltzera: ikerketaren eta kontzeptualizazioaren lehen urratsetatik hasi eta epaimahaiko aurkezpenera arte.

Aurkezpenek interesa piztu zuten hirugarren eta laugarren mailako ikasleen artean. Galderak egin eta beren kezka akademikoak partekatzeko aukera izan zuten, orain dela gutxi etapa hori amaitu dutenen esperientziarekin kontrastatuz. Laugarren mailakoentzat jardunaldiak ikuspegi errealista eta motibatzailea eskaini zuen; hirugarren mailakoentzat, berriz, hurrengo ikasturtera begira hausnartzen hasteko aukera bikaina izan zen.

Atsedenaldian, kafe-gune bat prestatu zen, giro informalago batean topagune bilakatu zena. Une hori izan zen eguneko momenturik aberasgarrienetako bat: giro lasai batean, ikasleek galderak egiteko eta beren zalantzak partekatzeko aukera izan zuten, modu naturalean. Aldi berean, kafe-gunean aurreko ikasturteko lanen hautaketa bat jarri zen ikusgai, ikasleek adibide zehatzak ikusi eta IAL lan batek har ditzakeen ikuspegi eta metodologia ezberdinak ezagutzeko.

Topaketa honek argi erakutsi zuen esperientziak partekatzea dela ikasteko eta etorkizuneko barne-diseinatzaile belaunaldiei inspirazioa emateko modurik onena. Esperientzia oso aberasgarria izan zen bai hizlarientzat, bai entzule gisa parte hartu zuten ikasleentzat ere. Jardunaldiak komunitatearen eta elkarlanaren ideia indartu zuen, ezagutza partekatzeko eta esperientziaren bidez ikasteko gune bat sortuz.

IDarte logo
Pribatasun laburpena

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientzia onena eskaintzeko. Cookie-ei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure web guneko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun gure taldeari ulertzen lagundu.